XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Baina albo hitzak lehenago Euskal Herri osoan zuela zabalera proba daiteke eta gero area bazterrekoetan zokoraturik gelditu dela, zeren Zuberoko hatsalbo hitza Azkue-k bere hiztegian gaztelaniako jadeo bezala biltzen baitu eta hitz konposatu bat besterik ez baita: hats eta albo dituela formazioan.

Toponimoaren bukaerako -heta Ziortzako dokumentazioan ere agertzen da XIV mendean: Johan Sanchez de Meçeheta eta Acoheta (29) Ziortzako dokumentu 1388 urtea daramana (Bizkaiko Diputazioan gordetzen da, Reg. 2, num 5). eta Done Milliaga-ko Kartularioan ere bai 1025 urtean Arabako zenbait herri aipatzen denean: Sansoheta, Gazaheta, Erroheta, Azazaheta (30) C. SMillán. dok. 91.

Euskal toponimoetan bukaerako -heta hori lokatibo kasuetan -hetan -hetara -hetako eta abar erabiliko zela argi dago eta gero nominatiboan *(h)ek edo -ak jarri beharrean izkribatzaileak -heta bezala uzten zuten, agian erdaraz ere -eta bukaera bazegoelako toponimian. (31). Egun Bizkaiko leku askotan baserri bat baino gehiago dagoenean izen berekoa, nominatiboan -ak plurala ipintzen zaio. Jakina, inesiboan -etan izatera bihurtzen da. Erdarazko dokumentuetan erdarazko plurala jartzen zaio halako kasuetan. Esaterako Magunas, ajurias eta abar.

Lehen esan dugun bezala artikulu plural zaharra -ek zela hontzat hartzen baldin badugu, eta berez jatorria hek demostratibo pluralean zuela, -hetan, -hetara eta gainerako lokatibo kasuak ere argitzen dira, zeren hek demostratiboarenak besterik ez direla argi baitago.

Ikusi dugunez dokumentu batzuetan h- eta guztiz erabiltzen zen oraindik.

Baina batez ere sibilanteen ondoan Euskal Herriko toponimo askotan -ketan denez gero eta baita hizkera batzuetako izen berbaletan ere edozein kasutan, pentsaketan esaterako, eta zenbait hitzetan edonon, berriketa edo erosketa esaterako, kek Erronkariko demostratiboaren parekoa dela pentsatu beharko litzateke eta ots-inguru batzuetan eta hizkera batzuetan k- gorde egin dela.

Oraindik Schuchardt-en garaitik hona korritzen duen eritzia erori gabe dago: -eta toponimiako sufixoa latinezko -etum formatik datorrela (pluralez -eta, gaztelaniaz -edo, -eda) eta toponimiatik euskal deklinaziora